Maestra Tuntuxa ta Mariano Altxerri

Zumayan bazan denda bat goiko plazatik urre, orain Joxe Ramonek karnizeya dakan pare hortan, gutxi gorabera. Marianok eramate zuan, eta goyan, berriz, eskola txiki bat Maestra Asuntzionek eramate zun. Herrian Maestra Tuntuxa esaten geniyon danak. Gu han ibiltze giñan, aurrenengo letrak eta numeruak ikasten. Maestra bea esna zegoanean, klaro, zeatik bazkalonduan sillan exeri ta lo hartze zuan. Katona irakurtzen bere aurrian ai ziñala lo hartze zuan, eta beai beira geatze giñan, atzea beitu ta, lagunai parre in da, jolasian eta… hola izate zan gure eskola, beak bere siestatxua in arte. Baña ostirala tokatze bazan, hiruretarako, Jesukriston agonirako* esnatze zan, kalkulatuta zekan, kredua errezatzeko; zapatuan izan ezik, zapatuan “Oh Virgen” o bestela “Salve Regina” ererzatze gendun da.

Neguan orduan elur asko egite zuan, eta eskola hotza egote zan, eta beko sukaldera jexte giñan. Han ematen zigun klasia, lurrian exerita, katona edo zerbait irakurtzen genduan. Sutan lapikua eon ohi zan, oaindikan usai hura goguan dakat. Beti babak o babarrunak izate zian. Etziguen ematen ogi mutur bat bustita o beste ezerre, usai harekin bakarrik geatze giñan… Urte hayek oso txarrak ziran, 44tik 50era arte, gutxi gorabera.

Maestra Asuncionek bazun begi onez ikuste zun jende bat: Mariano sakristaua, Jesus Mari Galarraga eta abar. Orduan, Mariano sakristauak ite zitun pausuak ite gitun guk. Poliki-poliki joan altarien aurrea eta erreberentziya in bihar izate genduan, danak banan-banan. Premiyua izate zan gozoki bat, ta orduan, Jexux Mari Galarragak irabazte zun beti. Gu beti aho-zabalik geatze giñan, kale-basarrikuak, baztertxo batian egote giñan. Maestra hori noizian behin balde batekin eta eskoba txiki batekin etortze zan eta gure hanketan Zotal botatze zuan, arkakuxuak akabatzeko eta desinfektatzeko. “Zergatik beti guri bestiai baño Zotal geyo botatzen digu?” galdetze gendun geure artian… Pixa re baztar batian eote zan baldian egite genduan. Kuarto illuna re bazuan, ondo portatze etzana han sartuko zula esate zigun. Hura bildurra! Eskola horrek buelta guztiyan bankuak zitun, eta kuadernua apoiatzeko gaixki ibiltze giñan, aulkirikan etzakuen, baña han ere gu beti atzian izate giñan. Mayak bazeben, baña hayek guretzat etzian izaten, hayek aurrian ibiltze zianentzako izate zian.

Maestra horrek gerriyan gerrikua ibiltze zun, eta gero eskubiyan gerritik bera larruzko tira bat, ta harekin jo ite zun, pasaran esanaz “Hire josaba gorriya!”, ta zarta! bere larruzko tira horrekin jotze zitun begi txarrez ikuste zitun ume bat o beste. Gero bazuan sarri xamar galdera bat: “Zeñek hiltzun Jesukristo?”. Ta guk ikasita gekan maestrak erakutsitako kontestaziyua: “Gorriyaaak!” esate gendun danok batea.

* Jesukriston agoniya: ostiralero, hiruretan, Jesukriston agoniya gogorarazteko kanpai berezi bat jotze zan, agoniko kanpaya

MAESTRA TUNTUXAN LOTEIYA

Maestra horrek Gabonetan loteiya jokatze zuan, ta urtero gauza bea esate zigun: loteiya tokatze bazitzayon, kamioian joango giñala eskursiyuan Tolosa, ta galdatze zigun: “Ze eramango deu?”, “Bandera españolaaaaa” kontestatze giñun guk, hainbeste aldiz esate zigun, ikasita gekan da. Baña nola loteiya etzitzakon tokatzen, ez giñan beñe juan eskursiyuan Tolosara.

MARIANON AGERPENA

Maestra Tuntuxan gizona Mariano Altxerri zan; gaixotu intzan, eta handik denbora gutxira hil intzan. Maestra hori, normala dan bezela, oso triste geatu zan; seme-alabaik etzekan, Mariano falta… baña goizetan denda eta arratsaldian eskola emate zuan. Goiz batian pozik eta alai etorri zan, esanaz bere gizona Mariano Altxerri bartarratsian azaldu zitzakola, eta eztakit ze istori kontatu zigun. Gu umiak giñan eta esantzigun dana sinistu in giyon.

Post hau Pasadizuak atalean publikatu zen. Gogokoetara gehitzeko lotura iraunkorra.

Utzi iruzkina